Albisteak

 

Lea-Artibaiko Amankomunazgoak formazio saioak antolatu ditu apirila eta maiatzean zehar teknikari eta politikarien artean indarkeria kasuen aurrean nola jokatu jakin ahal izateko. Indarkeria matxistaz gain, etxeko eta familiako bestelako indarkeriak ere kontenplatu ditu formakuntzak.

Udaletako teknikari eta zinegotziek, zein Lea-Artibaiko Amankomunazgoko teknikariek hartu dute parte eta indarkeria jasan duen pertsona baten lehen harreran kontuan hartu beharreko irizpideak landu dituzte. Bestetik, genero indarkeriaz gain, nerabeekiko edo zaharrekiko indarkeria kasuez aritu dira ere, indarkeria mota bakoitzak bere trataera propioa behar duela hausnartuz.

Amankomunazgoak urratsak eman nahi ditu indarkeriaren biktima diren herritarren arreta zerbitzuak hobetzeko, eta ahalik eta modu integralenean erantzun ahal izateko: alde juridiko eta psikologikoaz gain, emozional eta afektiboak aintzat hartuz, besteak beste.

2006ko maiatzetik 2017ko abendura bitarteko indarkeria datuak

2017ko indarkeriari aurre egiteko datuen bilketa egin berri du Lea-Artibaiko Amankomunazgoak, eta bertan zerbitzua urtero haziz doala ikus daiteke.

2017.urtean zehar lau egunetan zerbitzua eskaintzen jarraitu dugu, itxaron zerrenda murriztuz eta bezeroei erantzun arina ematea posible eginez. Urte osoan guztira 703 saio kliniko egin dira. Arreta psikologikoa 68 pertsonek jaso dute, eta horietatik 41 pertsona lehenengo aldiz etorri izan dira.

Hona hemen urtez urteko garapena:

Egindako saio kopurua Atenditutako persona kopurua
2006 71 12
2007 132 22
2008 210 25
2009 185 24
2010 150 17
2011 92 16
2012 278 36
2013 334 50
2014 424 59
2015 510 63
2016 650 68
2017 703 68
Zerbitzuaren intentsitate gorabeherak:
  • 2006an  hasi zen zerbitzua ematen, maiatzetik aurrera. Hasieran hilero 4 eguneko zerbitzua izan zen (astean egun bat),
  • Ondoren urte batzuetan hilero 8 eguneko zerbitzua izan genuen (astero 2 egun)
  • 2011an berriro, intentsitatea bajatu egin zen hilero 6 eguneko zerbitzua edukiz (eskaria gutxitu zelako).
  • 2012ko irailetik aurrera, hilero 8 eguneko zerbitzua izan genuen (eskaria gehitu zelako).
  • 2014ko martxoaren amaiera arte hilero 8 eguneko zerbitzua izan dugu, ondoren martxoaren amaieratik hona, hilero 10 eguneko zerbitzua izan dugu, hau da, aste batean 2 egun, bestean 3 egun (eskaria gehitu delako). 2015ean astero 3 egunetan daukagu zerbitzua, hilero 12 egunetan.
  • 2016ko apiriletik eta 2017.urtean zehar, itxaron zerrenda murriztu eta eskari gehiketari erantzuna eman nahian, astero lau egunetan izan dugu zerbitzua.

Alzheimer eta dementziaren inguruko formazioen balorazio oso positiboa egin du Lea Artibaiko Amankomunazgoak

Afagi-k eta el Futuro es la memoria-k antolatuta, eta Lea-Artibai Amankomunazgoak lagunduta formazio saio bereziak egin dira Ondarroan Alzheimerra eta dementzia lantzeko maiatzetik ekainera bitarte. Deba Barrenako Amankomunazgoak, Ondarroako Udalak, Debako Udalak, Eibarreko Udalak eta Mutrikuko Udalak ere lagundu dute ekimenean.

Ekimena oso arrakastatsua izan da Amankomunazgoarentzat, izan ere 15-20 lagunek parte hartu dute saio bakoitzean. Bost astetako ikastaroa intentsiboa izan da, ostiral eta larunbatero izan delako, eta horregatik emaitza oso kontuan hartzekoa dela uste du Rakel Elu Bengoetxea Lea Artibaiko Amankomunazgoko lehendakariak.

Gaiak askotarikoak izan dira, eta horrek asko aberastu du prozesua: Dementziak eta familia: Komunikazioa Dementzia duten pertsonekin. Nola jokatu portaera nahasteak daudenean, Psikoestimulazioa eta terapia osagarriak, Zaintzaren antolaketa eta Baliabide Sozioasistentzialak, Elikaduraren garrantzia eta osasun zaintzak gaixotasunaren fase desberdinetan eta Laguntza produktuak eta jarrera tratamenduak izan dira, besteak beste jorratutako gaiak.

Ondarroako taldeak neguan jarraituko du, eta Amankomunazgoak esperientzia errepikatu nahi du gainontzeko herrietan. Izan ere, menpeko egoeran dauden pertsonak zaintzen dituzten herritarrentzat formazioen filosofiarekin jarraituko du amankomunazgoak.

Informazio gehiago (PDF 424KB)