Albisteak

 

Martxoaren 1etik aurrera martxan da Gaueko Harrera Zerbitzua, bazterkeria-egoeran dauden pertsonei eta bereziki pasadizoko bidaiariei eta etxerik ez duten pertsonei gaua igarotzeko baliabidea eskaini ahal izateko. Durango, Lea Artibai eta Lea Ibarrako Mankomunitateek eta, Ermua, Zornotza, Berriz eta Mallabiko
udalek hitzarmena sinatu zuten 2017ko abenduaren 4an.

Rakel Elu Bengoetxea Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakariak eta zerbitzu sozialetako teknikariek, bilera egin dute Amankomunazgoko herrietako udaltzainekin protokoloa zehaztu eta herri guztietan era bateratuan jarduteko. Udaltzainek lagunduta bideratuko dira egoera honetan aurkitzen diren pertsonak gaueko harrera zerbitzura eta garraio laguntza bat emango zaie, joan etorrirako.

Orain arte, Bilboko aterpetxeetara bideratzen ziren beharra zuten herritarrak, baina Amankomunazgoak ez zuen jarraipena egiteko mekanismorik. Orain, Durangoko udaltzainekin harremanetan, gaueko harrera zerbitzura lagunduko zaie eta jarraipen estuagoa egiteko aukera izango du Amankomunazgoak.

Gaueko Harrera Zerbitzua Durangon egongo da eta Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak kudeatzen du. Zerbitzua urte osoan egongo da martxan eta 10 plaza izango ditu neguan eta 5 plaza gainontzeko hilabeteetan -alerta eman duten egunetan handitu egingo da kopurua-.

Eskainiko dituen zerbitzuak ondorengoak dira: higiene pertsonala, gaua igarotzea, garbitegi zerbitzua, premia egoeretako oinarrizkoa jantzia, afaria eta gosaria gehienez 3 egun hileko. Egoera berezietan gehienez aste betera luzatu ahalko da.

Zerbitzu honek orain arte Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak martxan izan duen Neguko Aterpe Zerbitzua ordezkatuko du eta egun horretan udal eta mankomunitate guztien artean ematen hasiko da zerbitzua.

Txostena ikusi (PDF 52KB)