Albisteak

 

Udazkenean abiatu zen organikoa bereizteko bosgarren edukiontziaren kanpainaren baitan beste urrats berri bat eman du Lea Artibai Amankomunazgoak, zabor sortzaile handiekin zuzenean harremanetan jarriz.

Otsaileko azken astean bana-banan deitu die zabor sortzaile handiak diren komertzioei organikoa bereizteko konpromisoa eskatuz. Amankomunazgoa denda, jatetxe, taberna eta ostatuekin telefonoz jarri da harremanetan informazioa eskaintzeko eta martxoko lehen astean pasako da komertzioz komertzio organikoa bereizteko KITa banatzeko.

Lea-Artibaiko amankomunazgoa osatzen duten herrietako sortzaile handien artean 68 denda, 140 taberna, 13 ostatu (hotel, pentsio eta aterpeak kontuan hartuta) eta 27 jatetxe daude. Komertzio hauek sailkapena egiten hasten direnean bilketa datuak asko hobetzea espero du amankomunazgoak.

Era berean, hainbat elkarte gastronomikok euren interesa erakutsi dute organikoa bereizteko eta oraindik proposamen bereziturik bideratuko ez den arren, herri bakoitzeko udaletxean galdetzeko aukera izango da.

Ikastetxeetan ere lanketa berezia

Bestetik, ikastetxeekin lanean ari da azken hilabeteetan Lea-Artibaiko Amankomunazgoa. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleen geletarako KIT bana banandu zaie hala eskatu duten ikastetxeei eta gainerakoengana ere laster iritsiko dira. Horrela, hamaiketakoan sortutako fruta eta hondakin organikoaren kudeaketa kontenedore marroiaren bitartez egiten trebatzeko aukera izango dute.

Amankomunazgoko lehendakari Rakel Elu Bengoetxearen arabera, “oso garrantzitsua da txikitatik kontzientzia eta ohitura hartzea. Etxeko kita eta eskolako kita berdinak direla konturatzean, ohitura etxera eramateko aukera izango da”.

Ikastetxean bertan konpostagailua duten hainbat zentro daude jadanik eskualdean. Hala ere,  Amankomunazgoarentzat garrantzitsua da KITa gela guztietan egotea, bosgarren kontenedore marroia ezagutzea, eta beraz etxean eta eskolan praktika berdina egitea.

Izaten ari den harrerarekin oso pozik agertu da Elu eta lehen hilabeteetako bilketa datuak laster erakusteko moduan egongo direla adierazi du.

Txostena ikusi (PDF 44KB)