Zerbitzu honen bidez, batetik, prebentzio komunitarioko programak eta esku-hartzeak garatzen dira, droga-kontsumoak sor daitezkeen arrisku eta kalteak arintzeko (arrisku eta kalte horiek Lea-Artibaiko Droga Gaietako Prebentzioko Tokiko Planean jasotzen dira); eta, bestetik, orientazioa eta laguntza ematen zaie droga kontsumitzen dutenei mendekotasuna gainditzen laguntzeko eta bai eurak bai euren senideak eta/edo ingurukoak gizarteratzeko.
Prebentzio-programen helburu nagusia droga-kontsumo desegokia eta gehiegizkoa eta horrek dakartzan arazoak ekiditea eta/edo arintzea da; horretarako, inplikazioa eta sentsibilizazioa sustatzen da eta elkarlanean jarduten da eskualdeko gizarte-eragile, zerbitzu eta erakunde ezberdinekin, baita, oro har, biztanleekin bere.
Nori zuzendua:
Biztanle guztiei.
Eskaintzen dituen zerbitzuak:
- Programak antolatu, kudeatu eta garatzen ditu droga-kontsumoa prebenitzeko eta DBH eta DBHO ikastetxeetan arriskuen murrizketa programak aurrera eramaten ditu.
- Seme-alaben heziketari lotutako gaien inguruko programak antolatu, kudeatu eta garatzen ditu gurasoentzat.
- Orokorrean gizarteari zuzendutako prebentzio programak garatzen ditu gai hauetan: alkoholismoa, tabakismoa,...
- Arriskuak murrizteko hainbat programa antolatu, kudeatu eta garatzen ditu droga-kontsumo problematikoak ekidite aldera; programa horien bidez, tailerrak eta ikastaroak antolatzen dira, gazte kontsumitzaileekin parte hartzen da ekintzetan, komunitateko ekimenak egiten dira e.a.
- Zuzeneko arreta eskaintzen zaie droga kontsumitzen dutenei eta, beharrezkoa izan ezkero, baita horien senideei eta ingurukoei bere. Zerbitzu honen bidez, mendekotasuna gainditzen eta/edo gizarteratzen laguntzen zaie.
- Dokumentazio-zentroa. Droga gaietan eta erlazionatutako beste batzuetan espezializatutako liburutegia da; bertan, idatzizko eta ikus-entzunezko materiala dago eta profesional eta gizarte-eragileez gain, partikularrek bere erabil daitezke. Dokumentu-funtsetik agiriak maileguan hartzeko zerbitzua dago.